Ekonomia -
Zorpetzea
Eusko Jaurlaritzak onartu egin du 600 milioi euroko kreditua
Gasteizko Gobernuak bere historia osoan onartutako epe laburreko lehen kreditua da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak onartu egin du gaur goizean 600 milioi euroko kreditua jasotzeko eskakizuna. Kreditua epe laburrekoa izango da, eta gastu arruntak ordaintzeko erabiliko dute, diru arazoak tarteko.
Gaurko Gobernu bileraren ostean egindako agerraldian, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak azaldu du Aldundien diru-sarreren murrizketa eta aurtengo zorra zenbatekoa izan behar den Espainiako Gobernuarekin dituzten desadostasunak direla-eta eskatu behar izan dutela.
Likidezia falta Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Gobernuari ere egotzi dio, baina EAJk ukatu egin du eta Exekutiboa diru barik dagoen irudia zabaltzea "arduragabekeria" dela salatu du.
Zubi-kreditua sei hilabeterakoa da, hots, Espainiako Gobernuak 2010eko Aurrekontuetan aurreikusita dagoen 2.050 euroko zorpetzea onartu arte.
Sailburuak azaldu duenez, kredituak eskatzea "oso normala" da erakunde publikoetan. Hori horrela, Aguirrek adierazi du Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa "ona eta normala" dela, eta "erakunde askori" gustatuko litzaiekeela antzekoa izatea.
Ekonomia sailburuak aitortu du 147 milioi euroko ezberdintasuna dagoela Jaurlaritzak eskatutako zorraren (2.050 milioi) eta Espainiako Goberniak ezarri nahi dion mugaren artean. Horren ildotik, "irizpide arazoa" baino ez dela, eta konpondu ahal izateko negoziatzen ari direla gaineratu du.
Hain zuzen ere, gai hori martxoaren 22an egitekoa den Zerga eta Finantza Politiken Kontseiluan hartuko dutela hizpide zehaztu du. Maiatza baino lehen dena konponduta egotea espero du Aguirrek.